Aurrerapausoak bai,…… baina motelak.
MMP batek lekualdaketa bat egitea erabakitzen duenean, jarritako helburu hori betetzeko itxaropenarekin egiten du: bere helmugara iristea. Helmugara iristeko aukeren inguruan zalantza serioak dituen edonork atzera egingo du, eta ez du ibilbidea hasiko edo hori egiteko beste modu alternatibo batzuk bilatuko ditu. Zalantza horren xumetasunean ezkutatzen da, sarritan, ezintasun eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako diskriminaziorik larriena, eta horrexegatik, ibilerraztasun-jarduerei jarraipena ematea sekulako garrantzia duen gaia da.
Garraio publikoak ezintasun eta mugikortasun murriztua duten pertsona guztiengana irits daitezen eta denek erabil ditzaten legegintza, teknologia eta ekonomia alorrean egiten ari diren ahaleginak hasiak dira beren lehen fruituak ematen. Hala eta guztiz ere, egunez eguneko errealitate gordinean barneratzen garenean, eta eragindako kolektiboen eskaerei erantzuten zaienean, ikus dezakegu oraindik ere bide luzea dagoela egiteko, mugikortasun libre eta segururako oztopoak “gainditzeko”, eta erabateko ibilerraztasunaren helburua erdiesteko.
Esan liteke Gipuzkoako biztanleriaren %40 MMP direla, eta beraz, garraio publiko zerbitzuak beren kasa eta segurtasunez erabiltzeko zailtasunak izan ditzaketela.
Azterlan honen helburuak hauek dira:
- Mugikortasun murriztua duten pertsonen kolektiboak egiten dituen lekualdaketetan Gipuzkoako garraio-sistema publikoak segurtasun eta eraginkortasun mailan dituen hutsuneak identifikatzea
- Lehentasunen arabera jarduteko plan bat finkatzea, atzemandako hutsune horiek abiapuntutzat hartuz.
- Erakundeen, enpresen eta gizartearen kontzientziazioa sustatzea, baita neurriak hartzea ere, emaitzak ezagutzera emanez.
Proiektuaren fase desberdinak burutzeko, Gizlogako Idazkaritza teknikoak ezintasun fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako federazio koordinatzailearen (ELKARTU) etengabeko lankidetza izan zuen.
Ibilerraztasunaren azterketa diagnostikoak Gipuzkoan abiapuntua eta/edo helmuga duen garraio publikoa hartzen du bere barne, batez ere izaera erregularra eta erabilera orokorra duena, nahiz eta ibilgailu-taxiak ere sartzen diren azterketa horretan, baina betiere eskatu ahalako zerbitzuekin loturik, MMPen kolektiboarentzat duen garrantziagatik.
Azterlan honetan atera diren ondorio nagusiak aurrerantzean aurkezten dira:
TREN GARRAIOA: ADIF/RENFE SAREA
Gaur egun, “Donostia” Aldirietarako tren-zerbitzuen ibilerraztasunaren gaia aztertzen badugu, aipatu behar dugu MMPei ibilerraztasun autonomoa eta segurua bermatzeko erabateko ezintasuna dagoela egun trenean. Nasaren ertza eta ibilgailuaren artean dagoen tartea, eta halaber, nasaren eta garraiounitatearen plataformaren artean dagoen desnibelak eragotzi egiten die mugikortasun-zailtasunak dituzten herritar askori garraio publiko hau autonomoki erabili ahal izatea.
CIVIA unitateek bakarrik aldatu dezakete egoera hau, baina oraindik ez dute lanean azteko data zehatza.
Trena erabiltzeko erraztasuna dagoen egoera normal batean ere, txostenak dio “Donostia” aldirietako lineak ibilerraztasun alorrean batez beste maila kaskarra erakusten duela, hutsune handi samarrak baititu, eta horrela, geltoki asko guztiz erabiltezinak bilakatzen dira; kanpoko ibilerraztasuna (kale-geltoki erlazioa) eta geltoki eta geraleku barruan lekualdaketa autonomo eta seguruak izatea bezalako funtsezko alderdiek berehalako jarduerak eskatzen dituzte.
Geltoki guztiak kontuan hartuta, bereziki deigarriak dira, bertako ibilerraztasunbaldintza ezin txarragoengatik, Tolosa erdialdeko ekipamenduak (erabilienetako bat eta guztiz erabiltezina zirkulazioaren bi noranzkoetan), Herrera eta Pasaia. Halaber, hirigune garrantzitsuetan kokatuta dauden zenbait geltokitako azpiegitura kaskarrak aipatu behar dira, eguneko bidaiari kopuru handia dutelako (Hernani erdialdea, Andoain (geralekua eta geltokia), Zumarraga), eta hiriburuaren aldirietako auzoei zerbitzua eskaintzen dieten beste batzuk: Martutene eta Ategorrieta.
Bi geltoki bakarrik, Donostia Iparraldea eta Irun, eta bi geraleku (Gros eta Loiola) jo litezke ibilgarritzat, nahiz eta batzuetan zenbait hutsune izaten dituzten.
Gipuzkoako ADIF/RENFEren ekipamendu-sarea egokitu eta ibilerraztasuna hobetu nahi bada, inbertsio itzelak egin eta jarduerak burutzeko exekuzioepe luze bat behar da, erabiltzaile guztientzat eta geltoki guztietan eskainitako zerbitzuak ibilerraztasun aldetik egokiak direla baieztatu arte.
TREN GARRAIOA: ETS/EUSKOTREN SAREA
Gaur egun, MMPen ibilerraztasunerako handicapik handiena nasa-tren harremanean dagoen tartea (altuera-zabalera) da, desberdina baita aztertutako geltoki motaren (nasen) arabera, eta Unitatearen ezaugarri partikularren, pisuaren eta gurpilen higaduraren arabera, plataformaren altuerari eragiten baitiote. Alderdi honi lehentasunezko tratamendua ematen ari zaio egun ETS/EUSKOTRENen.
Oro har, ETS/EUSKOTRENek Gipuzkoako tren-sarearen MMPentzat duen ibilerraztasun maila ertain-egokitzat jo liteke. Nolanahi ere, geltoki guztietan eta nasaren luzera eraginkor guztian ibilgailuaren ibilerraztasuna erabat normaltzea erdietsi arte, komenigarria izango litzateke nasetan eta bagoietan nasa-tren arteko tarte horizontal eta bertikalik txikiena duten tokiak adieraztea.
Gainera, ondorengo bost geltokiak (Ardantza Eibar, Azitain Eibar, Altzola, Arroa eta Gaintxurizketa), beren kokapenak dituen ezaugarriengatik (aldapa handiak, kale estuak, eskailerak), erabat erabiltezinak dira MMP kolektiboarentzat, eta kasuren batean, edozein erabiltzailerentzat, bere mugikortasun maila kontuan izan gabe.
Aurreko horien disfuntzionaltasunera iritsi gabe, ikus dezakegu, halaber, Errenteria, Oiartzun, Deba, Aia-Orio eta Añorga hiriguneetako geltokiek ere lehentasunezko jarduerak eskatzen dituztela ibilerraztasunarekin loturik.
Beste alde batetik, Donostiako Lugaritz, Anoeta eta Loiola, Lasarte-Oria, Galtzaraborda (Errenteria) eta Ficoba (Irun) geltokiak erreferentziazko ekipamendu gisa aurkezten dira oztoporik gabeko mugikortasunari dagokionez.
ERREPIDE BIDEZKO GARRAIOA
TERMINALAK ETA AUTOBUS-GELTOKIAK
Ekipamenduei dagokienez, Gipuzkoak ia ez dauka autobus-geltokirik, baldin eta horrela kontsideratzen baditugu beren barruan aparkalekurako eremuak, ibilgailuak, altzariak eta bidaiarientzako zerbitzu desberdinak dituzten Terminalak (eraikinak). Kontuan hartu beharrekoak diren etorkizuneko proiektu batzuk badauden arren (Donostia, Irun, Arrasate), horiek gauzatu bitartean komenigarria litzateke egungo ekipamenduetatik “ibilerraztasun librerako” oztopoak kentzea.
Garraio publikoaren geltokiei dagokienez, bai herri barrukoetan eta bai herri artekoetan, heterogeneotasuna nabarmena da beren diseinuan eta funtzionaltasunean, eta hori aztertu beharreko gauza da.
Bereziki aztertu beharrekoak dira:
- Kokapena (eremu arriskutsuak edo eskuraezinak saihestu).
- Geltokiak erabiltezin egiten dituzten aparkaldiak.
- Markesinen diseinua eta funtzionaltasuna.
AUTOBUSAK ETA TAXI-IBILGAILUAK
Autobusei dagokienez, azkeneko hamarraldian aurrerapen garrantzitsuak egin dira ibilerraztasunarekin loturik. Garraiorako floten barruan pixkanaka zoru baxuko ibilgailuak sartzen joateak nabarmenki hobetu ditu bidaiarien ibilerraztasun-baldintzak, zoru altuko autobusen errealitatearekin konparatzen badugu. Nolanahi ere, ohitura batzuk hartzearekin loturiko arazoak daude eta, batzuetan, kultur arlokoak ere bai, MMPari zerbitzua autonomoki erabili ahal izatea eragozten diotenak.
Hiri barneko zerbitzuak:
Bere garrantzia dela eta, Donostiako zerbitzuetan finkatu da azterlana. Gaur egun, Donostiako lan egiten duten autobusen %90 egokitua dago. Bi urteen epean (2009-2010) ibilgailu guztiak egokituak izango dira MMPen igoera eta jeitsiera errazteko.
Hiri tarteko zerbitzuak:
LURRALDEBUS osatzen duten enpresen artean egindako kontsulta kontutan harturik, gaur egun ibilgailuen %70 egokitua dagoela esan daiteke, eta datorren urteetan %100era irizteko helburua dute.
TAXI-IBILGAILUAK
Gipuzkoan, garraio publikoko zerbitzuen ibilerraztasun-zailtasunak begi-bistan daude, dela MMPentzako segurtasun eta eraginkortasun-baldintzak betetzen ez direlako, dela aztertutako eremu horren zerbitzuen gabezia dagoelako, eta beraz, taxi-ibilgailu egokituaren eginkizuna guztiz erabakigarria da, MMP erabiltzaileari “ibilerraztasun librerako” eskubidea bermatzeari begira, eta, horrenbestez, gizartean, ekonomiaren alorrean eta kulturan barneratu dadila errazteari begira.
Probintzian 23 taxi-ibilgailu egokituren premia dagoela ikus daiteke Eusko Jaurlaritzaren Ibilerraztasuna Sustatzeko 20/1997 Legearen eskakizunak bete ahal izateko.
Dela eskualdeko buru izateagatik, dela beren biztanleria bolumenagatik, dela garraio publikoaren eskaintzagatik, beharrezkoa da taxi-ibilgailu egokitu berriak erosteari lehentasuna ematea honako hirigune hauetan: Irun, Arrasate, Beasain, Zumarraga-Urretxu, Hernani, Pasaia, Errenteria.
AIREKO GARRAIOA: HONDARRIBIA-DONOSTIA AIREPORTUA
Aireportuko agintaritzak eta aire-konpainiek konpromisoa hartu dute mugikortasun murriztua duten pertsonei lagunduko dietela hegaldi-zikloaren fase guztietan: parkingetik aireporturaino eta hegazkinean ontziratu arte, eta hegazkinetik lehorreratzen denetik instalazioetatik irteten den arte, eta beraz, aireko garraioaren ibilerraztasun maila ona dela esan liteke. |