Gizlogak hitzarmen bat egin zuen MUrekin Oñatiko eta Eskoriatzako Fakultateetako eta Arrasateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleentzat bi garraio-linea ezartzen laguntzeko. Linea horien kostu osoa, ikasturtea amaitzean, 165.000,00 €koa izango da, eta horietatik 98.000,00 € ikasleen kuotekin finantzatuko dira, MUk 62.000,00 € jarriko ditu eta Gizlogak 5.002,00 €.
Unibertsitate honek aldez aurreko azterketa bat egina zuen bere ikasleen abiaguneari eta garraio-moduei buruz, eta oinarri horretaz baliatuta, zerbitzu horiek ezartzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, lehen-lehenik, ordutegiak bateratzeko eta ibilbideak hobetzeko ahalegin bat egin zuen. Hori zela eta, honako linea hauek ezarri ziren:
- 1. LINEA:
Azpeitia-Azkoitia-Arrasate (Eroski).
- 2. LINEA:
Etxebarri-Zornotza-Durango-Matiena-Abadiño-Atxondo-Elorrio-Arrasate (Eroski).
Maiatzean erabiltzaileen artean zerbitzuari buruzko balioespen zorrotz bat egitea aurreikusia dago, gogobetetze-inkesta baten bitartez. Lortzen diren emaitzek arazo nagusien eta erabiltzaileen iritzien gaineko benetako eta zuzeneko informazio bat eskuratzea ahalbidetuko digute, eta alderdi horiek kontuan hartuko dira hurrengo 2008-09 ikasturterako zerbitzua diseinatzeko orduan. Nolanahi ere, otsailaren amaieran, Mondragon Unibertsitateko Zuzendaritza Kontseiluak une horretara arte eskainitako zerbitzuaren balioespen bat egin du, ikasturteko lehen 6 hilabeteetan izandako gorabeherak eta funtzionamendua, baita erabiltzaileen aldetik jasotako iritziak ere, kontuan izanik.
Perspektibak: garraio-zerbitzua 2008-09 ikasturterako
2007-08 ikasturtearen gainerakorako defizit bat aurreikusi eta sortu den arren, eta ikasturtean barrena hainbat zailtasun izan diren arren, garrantzitsutzat jo da jada abian den garraio-zerbitzua eskaintzen jarraitzea; izan ere, unibertsitatearen iritziz, udalerri horietatik datozen ikasleen premietara egokitzen den garraio publikoko zerbitzurik ez dagoen bitartean, ezinbestekoa da horientzako irtenbideren bat eskaintzea.
Testuinguru horretan, eta 2008-09 ikasturteari begira, eguneroko autobus-linea berri bat abian jartzea proposatzen da, Bilbotik zuzenean etorriko dena (zerbitzu hori astelehenetan eta ostiraletan bakarrik eskaintzen da egun).
Gainera, Aldundiarekin lanean jarraitzea aurreikusten da, formularik onenak aztertzeko eta sinergiak aprobetxatzeko, garraio pribatuaren beharrik ahalik gutxiena izan dadin eta Lurraldebusek eskainitako zerbitzu publikoen erabilera ahalik onena izan dadin. Alde horretatik, litekeena da 2008-09 ikasturteari begira zenbait aldaketa egin behar izatea MUko zerbitzuaren diseinuan bertan, autobusaldaketarako lekuari buruz eta abar. |