Mugikortasun iraunkorrak herritar eta merkantzia guztien ibilerraztasuna bermatzen du, segurtasun, kalitate eta eraginkortasuneko baldintzetan; egungo arazo nagusiei aurre eginez (auto-pilaketak, energia-gastua, lurzoruaren gehiegizko okupazioa, kutsadura eta istripu kopurua). Horretarako, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen garraio-sistema bat definitu beharko da, ekonomikoki lehiakorra, orokorra (herritar guztientzat) eta segurua dena.
Gipuzkoaren baldintza geografiko eta sozial bereziak hartu beharko dira kontuan: Lurzoruaren urritasuna, Errepideetan inbertsio handiak egin beharra, Biztanleen eta enpresen dentsitate handiak (ETEen garrantzia), Orografia menditsua, Motorizazio-indize handia, eta abar. Gizloga foroaren barruan zenbait esperientzia garatu dira azkeneko urte hauetan, eta horiei esker, egun dugun arazo zehatzari aurre egin eta zenbait alternatiba proposatu ahal izan dira.
Bai Europa mailan eta bai estatu nahiz eskualde mailan ere, badira zenbait jarraibide, erregulazio eta laguntza-programa, laneko arrazoiengatik pertsonen mugikortasuna eraginkortasunez kudeatzeko garrantzia kontuan hartzen dutenak.
Proiektuaren helburua, hain zuzen ere, lan-mugikortasunaren kudeaketan jarduera-metodologia bat ezartzea da, jarduera-zentro bakoitzaren ezaugarri bereziak kontuan izanik. Horretarako, beharrezkoa da gizarte-erantzukizunaren kultura handiago baterantz aurrerapausoak egitea, nahitaezko mugikortasunaren kudeaketa zentzuzkoagoa (iraunkortasuna) eta seguruagoa (istripu kopurua) sustatuko duten tresnen bitartez.
Laneko mugikortasun-plan bat aplikatzeko dekalogoa:
- Mugikortasunaren kudeatzailea zehaztu behar da: mugikortasun-plana sustatzeko, eragileak koordinatu eta informatzeko, irtenbideak osatzeko arduraduna.
- Eragile guztien parte-hartzea bilatu behar da (administrazio eskudunak, udalak, garapen-agentziak, industrialdeetako kudeaketa-organoak, enpresak, sindikatuak eta langileak; bakoitzak bere erantzukizunak hartuz). Lan-taldeen bitartez sinergiak bilatzea.
- Lan-mugikortasun iraunkor eta seguruari buruzko legeriarik ez dago egun.
- Autoaren kultura aldatzeko aukera emango duten alternatiba erakargarriak garatu beharra dago.
- Garraio-modu iraunkorrenak sustatu behar dira: garraio kolektiboa eta modu ez-motordunak.
- Erabiltzaile guztientzako jarduera-plan seguru bat zehaztu behar da, bai in-itinere lekualdaketetarako eta bai lan-jardueran egiten direnetarako.
- Ezagutzera eman eta informatu egin behar da: komunikazio-bide arin eta motibatzaileak finkatu, erabiltzaileen parte-hartze aktiboa sustatuko dutenak.
- Ingurumenaren aldeko kontzientzia sustatu, emisioak gutxitu eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko aukera emanez.
- Neurri murriztaileen (ibilgailu pribatua mugatzea, aparkalekua kobratzea, eta abar) eta erakargarrien artean (garraio publikoko zerbitzuak hobetzea, pizgarriak ematea, eta abar) oreka bat bilatu.
- Ez dago neurri orokorrak kasu guztietarako, ezta irtenbide puntualik ere, berez eta besterik gabe mugikortasuna hobetzen duenik. Beharrezkoa da irtenbide desberdinen arteko inplementazio jarraitu eta koordinatua. Emaitza on partzialek motibatu egiten dituzte bai arduradunak eta bai erabiltzaileak ere.
|